Bazen Behin proiektua gauzatzean belaunaldi arteko elkarrizketari bide eman, oroimena eta historia hiritartasun proposamen baten ardatz bezala azaldu, norberaren esperientziatik hasita sortu, eta maila sozial, psikologiko eta hezkuntza mailan narrazioak duen garrantziaren inguruan gogoeta bultzatzea izan ditugu helburutzat. Honela, gure proposamena eta jarraitutako prozesua honakoa izan da:

Toki Alai eta Dunboa ikastetxeen kasuan, lana burutzeko proposamena luzatu eta baldintzak, datak etab. negoziatu ostean, ikastetxeko 6.mailako sei ikasgelatan lanean hasi ginen (2008ko Urria eta Abendua bitarte). Bi saio burutu genituen gela bakoitzeko, haurrengan galdetu eta jakiteko interesa eta gogoa sortu asmoz (1.go saioa: historiaren inguruko dinamika bat. 2.saioa: zuzeneko testigantza.) Ondoren, ikasleek beraientzat garrantzitsua den pertsona heldu bat elkarrizketatu eta grabatu behar izan zuten, horretarako beharrezkoa zuten materialea utzi genielarik (grabagailuak, zintak,...). Honela, gazteak transmisio hori baloratzen joan dira, era berean beraien ‘helduek' esateko dutena ere entzungai dela sentiaraziz. Grabaketa guztiak izanik, transkribapenari pausu eman genion, web orrian jartzeko egin beharreko egokitzapenak burutuaz etab.

2. atal batean, ikasgela guztiekin beste saio bat burutu genuen: beraien oroimena eta belaunaldi arteko transmisioaren inguruko ipuin bat sortu zuten. Saio hauetan zehar bildutako materialea da web orri honetan aurki daitekeena, gazte bakoitzak bere espazio propioa duelarik, berak burututako elkarrizketa (edo honen zati bat), ipuina eta argazkiak daudelarik bertan.

Azkenik, amaiera gisa jai bat antolatu dugu parte hartu duten ikasle, irakasle, elkarrizketatu dituzten pertsonekin eta oro har Bazen Behin posiblea egin duten pertsonekin.